Larraintzar DBHI institutuko euskara irakasleek euren ikasleekin partekatutako PDF dokumentu hau zuen artxiboetan egon beharrekoa dela eritzita, zuekin partekatzen dut.
PDF horretan, literatur baliabideen zerrenda, definizioa eta adibideak aurkituko dituzue. Gainera, baliabideak sailkatuta daude fonikoak, morfosintaktikoak edo semantikoak direnaren arabera. Hurrengo urteetarako ere baliagarria izango zaizuen zalantzarik ez dudanez, ondo gorde laburpen hau!
Santa Familia komikia lantzen ari garen honetan, Julen Ribasek komikia sortzeko urratsak zein direnkontatu dizkigu: lehenengo idazleak testua idazten du; gero marrazkilariari pasatzen dio eta honek pertsonaien kasting-a egikaritzen du; lehenengo zirriborroa marrazten du... Baina zer gertatzen da idazleak eta marrazkilariak beraien lana bukatzean? Gure liburu dendetara iritsi aurretik, zer gertatzen da? Nola iristen sortzen dira orijinal horren kopiak? Hona hemen Santa Familia komikien sorrera bideoa:
Egun on! Hasiak gara komikia lantzen: planoak, angulazioa, bunbuiloak, onomatopeiak, testuaren eta irudiaren arteko harremana... Gainera, dagoeneko lortuko zenuten Santa Familia liburua ere. Bada, iritsi zaigu berau irakurtzen hasteko ordua! Komikia irakurtzen dugun bitartean, Google Drive-an zuekin partekatu dudan txostena landuko dugu. Ondorioz, liburua irakurtzen bukatzean, ez dugu liburuaren ulermen azterketarik izango, txosten hori izango baita ulermen froga. Hona hemen txosten horren inguruko zenbait argibide:
Txostena taldeka osatuko dugu eta 3-4 pertsonakoak izango dira taldeak. Taldeak jada osatuta daude (taldeekin partekatu dut).
Taldekide bakoitzak bere ordenagailua izango du eskura, eta Google dokumentua taldekide guztiok editatu genezakeenez, denok elkarrekin, aldi berean, osatuko dugu txostena.
Taldeko partaide bakoitzak kolore bat izango du eta txostenean idazten duen guztia kolore horretan idatzi beharko du. Bakoitzaren kolorea zein den txosteneko 2. orrialdean daukazue zehaztuta, taldeko partaideak zein diren agertzen den orrian. Horrela, txostenari taldeko kalifikazioa jarriko diodan moduan, zuetako bakoitzari ere nota pertsonala jartzen laguntzeko balioko dit zuen koloreak.
Hurrengoa izango da funtzionamendua:
Lehenengo, "komikia irakurri aurretik" atala osatuko dugu taldeka.
Atal hori osatu ostean, "komikia irakurri ahala" atalari ekingo diogu. Komikia zati ezberdinetan banatu dugu; hiruzpalau orrialdeko pasarteak dira. Pasarte bakoitza irakurtzean, pasarte horri dagozkion galderak erantzungo ditugu denon artean. Pasartez pasarte joango gara; ez jarraitu irakurtzen galderak erantzun aurretik. Adi! Kontua ez da taldekide bakoitzak galdera bat erantzutea. Galderen erantzunak denen artean eztabaidatu eta erabaki behar dituzue. Kontuan izan txosten horretako erantzun guztien jaun eta jabe izan behar duzuela taldekide guztiok. Denok zarete erantzun guztien erantzule.
Bukatzeko, "komikia irakurri ostean" atala osatuko dugu.
Behin atal guztiak osatuta, errepasatu ondo txostena: ortografia, tipografia (puntuazioa, maiuskulak...), koherentzia, kohesia, egokitasuna...
Bigarren ebaluazioan Santa Familia komikia irakurriko dugu DBH 2. mailan.
Honela dio kontrazaleko laburpen testuak:
"Familia da emanda datorren gauza bakarra. Ez lagunak, ez bizimodua, ez ingurua, familia baizik. Norak, ordea, arau horri ihes egingo dio. Sekretu bat gordetzen du. Bere sekretua. Baina hura kontatzeko ordua iritsi da, eta sakratua den instituzioa eztanda egiteko zorian dago.
Jakina da, ordea, iraultza txikiak behar izaten direla gauzak bere onera ekartzeko."
Eider Rodriguez-ek idatzi du istorioa eta Julen Ribas-ek jarri dizkio irudiak.
Betiko CV formal eta aspergarrien osagarri izan nahi duen bideo interaktiboa da bideocurriculuma. Paperezko CVan kontatzen ditugun gure bizitzako datu garrantzitsuenak (hezkuntza, esperientzia, hizkuntzak, abileziak...) era dibertigarri eta desberdin batean erakustea du helburu. Gainera, ez da postaz posta banan-banan bidali behar inora, berez, sare sozialen bitartez, zabaldu baitezakegu!
Ez nuke esango betiko CVa ordezkatzen duenik, baina dudarik gabe, osagarritu egiten du. Hurrengo bideo honetan azalpen argiago bat duzue:
Nola sortu bideocurriculum bat?
Gidoia osatu.
Zure burua aurkeztu: nor zaren, adina, herria...
Zure heziketaren berri eman: zer ikasi duzun edo ikasten ari zaren, zer ikasiko duzun...
Lan bila bazabiltza, zein lan mota nahiko zenukeen azaldu.
Lan hori zergatik den zuretzako aproposa azaldu.
Aurretik lan-eskarmenturik baduzu, ez utzi kontatu gabe.
Informazio osagarria ere eman: zure izaera, abilezia sozialak, hobbiak...
Gogoratu, bideo bat grabatzen ari zarenez, argi eta garbi hitz egin behar duzula. Ez ahaztu zure komunikazio abileziak saltzen ari zarela.
Zurekin harremanetan jartzeko bideren bat eman: sare sozialak, emaila... Ez eman datu pertsonalegirik! Izan ere, interneten bueltaka ibiliko da informazio hori.
Laburbilduz, zeure burua saldu. Zergatik kontratatu behar zaitu zu eta ez beste bat?
Grabatu. Sormena eta imajinazioa landu. Geroz eta desberdinagoa eta dibertigarriagoa izan, hobeto.
Bideoa editatu. Luzera neurtu, ez dadila 3 minutu baino luzeagoa izan.
Sare sozialetan partekatu.
Hona hemen zenbait bideocurriculum, oso ezberdinak euren artean, ideiak hartzeko:
Bisiguaren estarta blogetik hartu dut testu-propietateak ondo baino hobeto azaltzen dituen Prezi aurkezpen hau. Eskolan landutakoa errepasatzeko aproposa eta, nola ez, testu bat idatzi behar dugunean gogoan izan beharrekoa!
Laburmetraiek, liburuek bezala, bizitza dute, bizitza kontatzen dute eta bizitza ematen digute. Askatasunaren irudi dira, eta aske sentiarazten gaituzte. Ardurak, eginbeharrak, lanak... ahaztarazten dizkigute eta buruan ez dugu imajinazioa ez den beste ezertarako tokirik. Hegan jartzen gaituzte, hara eta hona. Urrun garamatzate inora joan gabe. Asko esaten digute, ezer esan gabe.
Oraingo honetan, William Joyce-k eta Brandon Oldenburg-ek zuzendutako laburmetraia bat aurkeztu gura dizuet. 2011. urtean laburmetraia animatu onenaren Oscar saria irabazi zuen "The Fantastic Flying Bookf of Mr. Morris Lessmore" pelikula honek. Ikusi, hausnartu eta osatu zuen iritzia.
Zuen iritzi idazlarenako, hurrengo galderak har ditzakezue oinarri, ez derrigorrean, ordea:
Zein pasartek, unek edo irudik deitu du zure arreta? Zergatik?
Zer garrantzia dute koloreek laburmetraian? Zer adierazten dute? Zer esan nahi dute? Zeren isla dira?
Zein da laburmetraiaren mezua?
Non ikusi daiteke askatasuna? Non dago bizitza, edo, zerk du bizitza? Zergatik?
Zuen iritziak hemen, iruzkinetan, argitaratu ditzakezue, edo bestela, partekatu itzazue nirekin Google Docs bidez. Gutxienez 250 hitz izan beharko dituzte.