errima etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
errima etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017-12-04

Bertsoaren sorkuntza

Bertso bat sortzeak sekulako kontzentrazioa eta imajinazioa eskatzen ditu. Are gehiago bat-batekoan. Hurrengo bideo hauetan bertsoaren sorkuntzaz hitz egiten digute bi bertsolari handik.

Alde batetik, Xabier Amurizaren bideo bat dugu. Bertan, Amurizak bertsoa sortzeko prozesuaz hausnartzen du. Ez da bideo berriegia, baina funtsa ez da inolaz aldatu.


Xabier Amurizak ekarri handia izan du bertsolaritzan. Zer esanik ez dago, bere hiztegi errimatua oso arrakastatsua eta erabilia izan dela bertsolari gazteen eta ez hain gazteen artean.


Bertsoak sortzeaz gain, egungo bertsolaritzak aldaketa izugarriak pairatu ditu: bertsolarien nolakotasuna, bertso-errimen aberastasuna, bertso-doiunu berrien agerpena... Amets Arzallusek, hurrengo bideo honetan, bertso-doinu berrien sorkuntzaren inguruan hausnartzen du, 2013ko bertso finalean plazaratutako doinua oinarri hartuz:



2017-12-01

Hiztegia landuz

Bertsolaritza lantzen ari garen honetan, sinonimia zein garrantzitsua den aztertu dugu. Izan ere, silaba biko tokian ezin dezakegu hiru silabako berba bat ipini, bai, ordea, jarri.

Sinonimoak bilatzeko hainbat euskarri digital ditugu. Hala nola, 5000 Adorez Hiztegia edo UZEI Sinonimoen Hiztegia. Biak ala biak oso baliagarriak izango zaizkizue. Zergatik ez dituzue proban jartzen? Ea nork aurkitzen hitz ber baten sinonimo gehien.


Azken urteotako EGA azterketetan agertutako sinonimoen bilduma agertzen zaizue Euskal Jakintzako orri honetan. Gainera, sinonimoak lantzeko ariketa ugari dauzkazue bertan.

Bertsoez ari garenez, sarritan, bertsoa osatzeko familia bereko edo errima berbereko hitzak bilatzea ez da lan xamurra izaten. Horretarako ere badugu laguntza digitalik: BertsolarIXA aplikazioa, EHUko IXA taldeak sortua; Rimador gunea edo, nire ustez, egokiena, Bertso-eskola digitaleko errima-kutxa

Hiztegia lantzeko, hala ere, ez dago jolasean aritzea bezalakorik. Ezagutzen al duzue Hitzapasa? Jolastu nahi duzue? Kontatu iezadazue nola joan den zuen uztaia beheko iruzkinetan. 

Egurra!