bertsoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
bertsoa etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2018-04-03

Lazkao Txiki hil zela 25 urte

25 urte pasatu dira Lazkao Txiki bertsolaria zendu zenetik. 66 urte baino ez zeuzkan. Berriako "Gorputz txiki, sakonera handi" artikuluan Lazkao Txikiren pasadizoak, ateraldiak, zirtoak, samurtasuna eta sentiberatasuna gogorarazi dizkigute.

2017-12-07

Dena ondo zihoan, argia piztu den arte


2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia hurbiletik jarraitu dugu: bertso-saioetan aurkitu dugu elkar, bertsoak analizatu ditugu, iritziak elkar trukatu... BECeko final handiaren zain geratu garenez, eta bertsolaritzako bertso gogoangarriez aritu garenez, Irungo finalerdietan Maialen Lujanbiok botatako bertso hau ezin genezake aparte utzi. Gozatu!

"Dena ondo zihoan, argia piztu den arte", (Irun, 2017-11-01)

Trago bat eta beste trago bat
gure kaleetan barrena
ta piztea da alkoholak eta
sexu grinak dakarrena.
"Zure etxera, nere etxera"
betiko gauzak aurrena,
zure logelan sartu gera ta
hara hemen ondorena:
argia zegon itzalita ta
bertan biluztu naiz dena
ta bat-batean piztu egin da
argi txiki xumeena
nere gerrira begira zaude
ez naiz uste zenuena.

Estali arte izan dugunak
nahiko irri, nahiko broma.
Ahorik aho pasa dugunak
gintonic barruko horma.
Bular parea zut neukan eta
zuk eman didazu forma,
galtza estuak nebilzkin arren,
ez takoi eta ez gona.
"Hau ta hura naiz", "hartzen ari naiz
zenbait botika, hormona",
"gizona eta andrea nauzu,
ez andrea, ez gizona".
nere inon ez egon nahia ote
da zure ezinegona.

Gizarte honen estereotipo
ta gizarte honen usteen
tranpan zu ari zera erortzen
eta hori ez dizut uzten.
zuk badakizu nola zizelka
eta marraztu gaituzten
ze inporta du gaur ari banaiz
zure aurrean biluzten
eta neroni, ni neu naizena,
hori bakarrik gorpuzten,
nere gerripe zintzilikako
desira ari da puzten,
itzali zazu argia eta
utzi azalari ikusten.

2017-12-05

Bertsoak sortzen

Aurreko sarrera batean aipatu nituen Rimador, BertsolarIXA  edo bertso-eskoletako arbela digitala hitz-errimatuak bilatzeko. Oso aplikazio lagungarriak, bide batez, Andoni Egañaren errima-margaritak osatzeko:

Landu ditugu sinonimoak eta errimak, hausnartu dugu bertsoaren sorkuntza prozesuaz, entzun ditugu hainbat bertso gogoangarri... bertsoak sortzea bakarrik geratzen zaigu!

Baina, lasai! Horretarako ere baditugu hainbat tresna baliagarri. Alde batetik, jada ezagutzen dugun bertso-eskola digitala eta, bestetik, telefonoetarako SegaPoto aplikazioa. Tresna bietan neurriak, doinuak, sinonimoak, errimak... erraz bilatu ditzakegu gure bertso-sortak osatzeko. 
Biak ala biak oso interesgarriak dira eta jolaserako aproposak. Bukatu zaizkigu bertsotan ez aritzeko aitzakiak! Animatu erabiltzera eta utzi ingurukoak aho bete hortz!

2017-12-04

Bertsoaren sorkuntza

Bertso bat sortzeak sekulako kontzentrazioa eta imajinazioa eskatzen ditu. Are gehiago bat-batekoan. Hurrengo bideo hauetan bertsoaren sorkuntzaz hitz egiten digute bi bertsolari handik.

Alde batetik, Xabier Amurizaren bideo bat dugu. Bertan, Amurizak bertsoa sortzeko prozesuaz hausnartzen du. Ez da bideo berriegia, baina funtsa ez da inolaz aldatu.


Xabier Amurizak ekarri handia izan du bertsolaritzan. Zer esanik ez dago, bere hiztegi errimatua oso arrakastatsua eta erabilia izan dela bertsolari gazteen eta ez hain gazteen artean.


Bertsoak sortzeaz gain, egungo bertsolaritzak aldaketa izugarriak pairatu ditu: bertsolarien nolakotasuna, bertso-errimen aberastasuna, bertso-doiunu berrien agerpena... Amets Arzallusek, hurrengo bideo honetan, bertso-doinu berrien sorkuntzaren inguruan hausnartzen du, 2013ko bertso finalean plazaratutako doinua oinarri hartuz: