2017-12-07

Dena ondo zihoan, argia piztu den arte


2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia hurbiletik jarraitu dugu: bertso-saioetan aurkitu dugu elkar, bertsoak analizatu ditugu, iritziak elkar trukatu... BECeko final handiaren zain geratu garenez, eta bertsolaritzako bertso gogoangarriez aritu garenez, Irungo finalerdietan Maialen Lujanbiok botatako bertso hau ezin genezake aparte utzi. Gozatu!

"Dena ondo zihoan, argia piztu den arte", (Irun, 2017-11-01)

Trago bat eta beste trago bat
gure kaleetan barrena
ta piztea da alkoholak eta
sexu grinak dakarrena.
"Zure etxera, nere etxera"
betiko gauzak aurrena,
zure logelan sartu gera ta
hara hemen ondorena:
argia zegon itzalita ta
bertan biluztu naiz dena
ta bat-batean piztu egin da
argi txiki xumeena
nere gerrira begira zaude
ez naiz uste zenuena.

Estali arte izan dugunak
nahiko irri, nahiko broma.
Ahorik aho pasa dugunak
gintonic barruko horma.
Bular parea zut neukan eta
zuk eman didazu forma,
galtza estuak nebilzkin arren,
ez takoi eta ez gona.
"Hau ta hura naiz", "hartzen ari naiz
zenbait botika, hormona",
"gizona eta andrea nauzu,
ez andrea, ez gizona".
nere inon ez egon nahia ote
da zure ezinegona.

Gizarte honen estereotipo
ta gizarte honen usteen
tranpan zu ari zera erortzen
eta hori ez dizut uzten.
zuk badakizu nola zizelka
eta marraztu gaituzten
ze inporta du gaur ari banaiz
zure aurrean biluzten
eta neroni, ni neu naizena,
hori bakarrik gorpuzten,
nere gerripe zintzilikako
desira ari da puzten,
itzali zazu argia eta
utzi azalari ikusten.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina