2017-12-20

The Fantastic Flying Books of Mr. Morris Lessmore

Laburmetraiek, liburuek bezala, bizitza dute, bizitza kontatzen dute eta bizitza ematen digute. Askatasunaren irudi dira, eta aske sentiarazten gaituzte. Ardurak, eginbeharrak, lanak... ahaztarazten dizkigute eta buruan ez dugu imajinazioa ez den beste ezertarako tokirik. Hegan jartzen gaituzte, hara eta hona. Urrun garamatzate inora joan gabe. Asko esaten digute, ezer esan gabe.


Oraingo honetan, William Joyce-k eta Brandon Oldenburg-ek zuzendutako laburmetraia bat aurkeztu gura dizuet. 2011. urtean laburmetraia animatu onenaren Oscar saria irabazi zuen "The Fantastic Flying Bookf of Mr. Morris Lessmore" pelikula honek. Ikusi, hausnartu eta osatu zuen iritzia.



Zuen iritzi idazlarenako, hurrengo galderak har ditzakezue oinarri, ez derrigorrean, ordea:
  • Zein pasartek, unek edo irudik deitu du zure arreta? Zergatik?
  • Zer garrantzia dute koloreek laburmetraian? Zer adierazten dute? Zer esan nahi dute? Zeren isla dira?
  • Zein da laburmetraiaren mezua?
  • Non ikusi daiteke askatasuna? Non dago bizitza, edo, zerk du bizitza? Zergatik?
Zuen iritziak hemen, iruzkinetan, argitaratu ditzakezue, edo bestela, partekatu itzazue nirekin Google Docs bidez. Gutxienez 250 hitz izan beharko dituzte.

2017-12-15

Zazpikiak

Euskarari ematen dizkiogun ostikoak, sekulakoak dira. Eskerrak umorez hartzen ditugun. Hona hemen gaur klasean analizatu ditugun zenbait. Asteburua ondo hasteko modu ezin hobea!



Hauekin nahikoa izan ez baduzue, iruzkinetan zuek aurkitutakoak utzi ditzakezue besteokin partekatzeko. Mihiluze telebista saioan  ere, makinatxo bat zazpiki bildu zituzten. Ikus itzazue, barrez lehertzea osasuna baita! 


Asteburu on!


2017-12-14

Bertsolari dokumentalaren gidoia

Zer da gidoia? Harluxet Hiztegi Entziklopedikoaren arabera:

Gidoi: iz. (Heg.) 1. Irrati-, telebista-programa edo film baten akzio edo garapeneko elementuak (elkarrizketak, musika, planoak, etab.) zehazturik azaltzen diren testua. 2. Hitzaldigai, etab. garatzeko lagungarri moduan erabiltzen den testu eskematikoa.

Guk aurkezpenen gidoiak osatu izan ditugu, batez ere, baina pelikulek ere gidoiak dituzte. Horren adibide da gaur bertan Booktegin argitaratu berri duten Bertsolari filmaren gidoia.

Hasteko, zer da Booktegi? Mota guztietako euskarazko liburuak dohainik plazaratzeko eta deskargatzeko weborria da. Egunez egun, geroz eta liburu gehiago aurkitu ditzakegu bertan. 

Gaur bertan Bertsolari luzemetraiaren gidoia argitaratu berri dute. Eta ez hori bakarrik, Asier Altuna zuzendariari egindako elkarrizketa ere jarri dute gure eskura.

Gidoiaren transkrbapena ikustea oso interesgarria da, filmaren beste ikuspegi bat ematen digulako. Pelikula esteka honetan ikusi daiteke, prezio irrigarri baten truke (zer dira, bada, 3 euro gaur egun, etxean bertan, pelikula bat ikustearen truke, zineak zein garesti dauden ikusita?).


2017-12-11

Partitiboa

Partitiboa NOR kasuaren azpisailtzat hartu izan den arren, ez da kasu bat; determinatzailea da. Ablatibo-marka edo postposizioa ere izan daiteke, baina hori, uneotan, gehiegi sakontzea litzateke guretzat. Inork informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi Sareko Euskal Gramatika edo Beatriz Fernandez hizkuntzalariaren beste artikulu hau

Hala ere, oraindik ezatabaidan dagoen kontua denez, ez dugu gehiegi sakonduko kasu-marka ala determinatzailea den aferan. Hizkuntzalari denak ados datoz partitiboaren oinarrizko erabilgunean, eta hor jarriko dugu gure fokua.


Non erabiltzen da partitiboa?

1. Ezezko perpausetan → "Ez daukat suspenditzeko asmorik" edo "ez ekarri ogirik, anaiak erosi baitu".
2. Galde perpausetan → "Ba al duzu suspenditzeko asmorik?" edo "erosiko dut ogirik?"



1. Partitiboa mugatzaileari gehitzea. Izan ere, partitiboa beti izen mugagabeari lotu behar zaio:
liburu>libururik eta ez *liburuarik
lan>lanik eta ez *lanarik


2. Aditzarekin komunztadura pluralean egitea, komunztadura singularrean egin behar baita partitiboarekin:
*Ez dituzu suspenditzeko asmorik.
Ez duzu suspenditzeko asmorik.


Partitiboa etxean bertan lantzeko, jo hurrengo loturetara:

2017-12-07

Dena ondo zihoan, argia piztu den arte


2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia hurbiletik jarraitu dugu: bertso-saioetan aurkitu dugu elkar, bertsoak analizatu ditugu, iritziak elkar trukatu... BECeko final handiaren zain geratu garenez, eta bertsolaritzako bertso gogoangarriez aritu garenez, Irungo finalerdietan Maialen Lujanbiok botatako bertso hau ezin genezake aparte utzi. Gozatu!

"Dena ondo zihoan, argia piztu den arte", (Irun, 2017-11-01)

Trago bat eta beste trago bat
gure kaleetan barrena
ta piztea da alkoholak eta
sexu grinak dakarrena.
"Zure etxera, nere etxera"
betiko gauzak aurrena,
zure logelan sartu gera ta
hara hemen ondorena:
argia zegon itzalita ta
bertan biluztu naiz dena
ta bat-batean piztu egin da
argi txiki xumeena
nere gerrira begira zaude
ez naiz uste zenuena.

Estali arte izan dugunak
nahiko irri, nahiko broma.
Ahorik aho pasa dugunak
gintonic barruko horma.
Bular parea zut neukan eta
zuk eman didazu forma,
galtza estuak nebilzkin arren,
ez takoi eta ez gona.
"Hau ta hura naiz", "hartzen ari naiz
zenbait botika, hormona",
"gizona eta andrea nauzu,
ez andrea, ez gizona".
nere inon ez egon nahia ote
da zure ezinegona.

Gizarte honen estereotipo
ta gizarte honen usteen
tranpan zu ari zera erortzen
eta hori ez dizut uzten.
zuk badakizu nola zizelka
eta marraztu gaituzten
ze inporta du gaur ari banaiz
zure aurrean biluzten
eta neroni, ni neu naizena,
hori bakarrik gorpuzten,
nere gerripe zintzilikako
desira ari da puzten,
itzali zazu argia eta
utzi azalari ikusten.

2017-12-06

52. Durangoko azoka

Iritsi da urteroko zita. Iritsi da 52. Durangoko azoka. Egitarau zabala eskainiko digu aurton ere: hitzaldiak, mahainguruak, kontzertuak, liburu aurkezpenak, diska sinadurak, filmen proiekzioak, solasaldiak, zuzenekoak, kantuak, jolasak, aspaldiko lagunak eta ezagutuko ditugunak...

Ekitaldiz beteriko 5 egun. Governors, Anjel Lertxundi, Bertso Hop, Rafa Rueda, Beira, BeƱat Igerabide, Anjel Lertxundi, Maider Zabalegi... eta hauek lehenengo egunean bakarrik!

Ez galdu bertaratzeko aukera. Sormenaren lurraldea DA!

2017-12-05

Bertsoak sortzen

Aurreko sarrera batean aipatu nituen Rimador, BertsolarIXA  edo bertso-eskoletako arbela digitala hitz-errimatuak bilatzeko. Oso aplikazio lagungarriak, bide batez, Andoni EgaƱaren errima-margaritak osatzeko:

Landu ditugu sinonimoak eta errimak, hausnartu dugu bertsoaren sorkuntza prozesuaz, entzun ditugu hainbat bertso gogoangarri... bertsoak sortzea bakarrik geratzen zaigu!

Baina, lasai! Horretarako ere baditugu hainbat tresna baliagarri. Alde batetik, jada ezagutzen dugun bertso-eskola digitala eta, bestetik, telefonoetarako SegaPoto aplikazioa. Tresna bietan neurriak, doinuak, sinonimoak, errimak... erraz bilatu ditzakegu gure bertso-sortak osatzeko. 
Biak ala biak oso interesgarriak dira eta jolaserako aproposak. Bukatu zaizkigu bertsotan ez aritzeko aitzakiak! Animatu erabiltzera eta utzi ingurukoak aho bete hortz!

2017-12-04

Bertsoaren sorkuntza

Bertso bat sortzeak sekulako kontzentrazioa eta imajinazioa eskatzen ditu. Are gehiago bat-batekoan. Hurrengo bideo hauetan bertsoaren sorkuntzaz hitz egiten digute bi bertsolari handik.

Alde batetik, Xabier Amurizaren bideo bat dugu. Bertan, Amurizak bertsoa sortzeko prozesuaz hausnartzen du. Ez da bideo berriegia, baina funtsa ez da inolaz aldatu.


Xabier Amurizak ekarri handia izan du bertsolaritzan. Zer esanik ez dago, bere hiztegi errimatua oso arrakastatsua eta erabilia izan dela bertsolari gazteen eta ez hain gazteen artean.


Bertsoak sortzeaz gain, egungo bertsolaritzak aldaketa izugarriak pairatu ditu: bertsolarien nolakotasuna, bertso-errimen aberastasuna, bertso-doiunu berrien agerpena... Amets Arzallusek, hurrengo bideo honetan, bertso-doinu berrien sorkuntzaren inguruan hausnartzen du, 2013ko bertso finalean plazaratutako doinua oinarri hartuz:



2017-12-03

Euskararen Nazioarteko Eguna 2017

1552ko abenduaren 3an hil zen Frantzisko Xabierkoa, Shangchuan uhartean (Txina). Misiolari lanetan zegoen bertan. Kondairaren arabera, hil aurreko bere azken berbak euskaraz, bere ama-hizkuntzan, izan ziren. 

1949an, Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Egun batailatu zuen Xabierren heriotzeko egun hori. Hala ere, 1995era arte ez zen eguna instituzionalizatu. Ordudanik, ospakizunerako egun aproposa da abenduaren 3a euskaldun ororentzat.

Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, ez dago euskaraz aritzea bezalakorik; hori argi dago. Baina ez gaitezen abenduaren hirura mugatu. Egin ditzagun Euskararen Nazioarteko Egun santutegiko egun guztiak.

Oiartzuarren %73,9 (EUSTAT, 2011euskalduna bada ere, euskarazko hizkuntza-gaitasunaren eta erabileraren arteko aldea nabarmena da. Soziolinguistika Klusterrak 2016an egindako euskararen erabileraren kale-neurketaren arabera, oiartzuarren %58,8 bakarrik jarduten da euskaraz. Zorionekoak gu, halaber, erabilera datu hori asko hazten baita gazteen artean. Ikusi bestela hurrengo taula (Soziolinguistika Klusterra, 2016):



Euskararen kantitatea eta kalitatea, biak dira zaindu beharrekoak. Horren inguruan bazekien zerbait Lazkao Txikik ere:

Gari abeslariak esaten duen moduan, "zaindu maite duzun hori!"

2017-12-02

Bertso zahar gogoangarriak

Badira zenbait bertso ahazten zailak izango zaizkigunak. Alde batetik, bertsook bota zituzten bertsolariak benetan bertsolari handiak izan zirelako eta, bestetik, bertsoak eurak mundialak direlako. 

Esate baterako, Lazkao Txikik ispiluari botatako bertso hauek:


Edo, 1967ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, epaileak buruz burukorako Uztapide eta Xalbador sailkatu zirenekoa. Ikusleak, bost minutu eta erdiz, Xalbadorri txistuka aritu ostean, Xalbadorrek bertso hau bota zuen. Zalantzarik gabe bertsolaritzako pasarte ezagunenetako eta tamalgarrienetako bat: 


Pello Errotak Txirritari alkandora dela eta botatako bertsoa:


Eta, nola ez, Txirritaren erantzuna:
Pello Errota:


Ari naizela, ari naizela,
hor ikusten det Txirrita.
Eta zein ez da harrituko gaur
gizon hori ikusita?
Dudarik gabe egina dio
andregaiari bisita.
Oso dotore etorri zaigu
bi alkandora jantzita.


Txirrita:

Hauxe da lotsa eman didana
gizon artera sartuta!
Edozer gauza esaten degu
edanarekin poztuta.
Bi alkandora ekarri ditut,
bat eranztea ahaztuta...
Pellok bi nola jantziko ditu
bat besterikan ez du ta?

1986ko bertsolari txapelketan, PeƱagarikanok egundoko parranda bota eta EgaƱa amonaren ohera, emaztea delakoan, sartu zeneko ofizioa ere ez da erraz ahaztekoa. Ikusi bideo honetan, 4:40 minututik 10:20 minutura:


Gainera, Negu Gorriak musika taldeak bere kantu bat girotzeko erabili zuen bertsoaldi hori:
Ziur bertsolaritzak horrelako urrezko une gehiago utziko dizkigula hemendik aurrera ere.

2017-12-01

Hiztegia landuz

Bertsolaritza lantzen ari garen honetan, sinonimia zein garrantzitsua den aztertu dugu. Izan ere, silaba biko tokian ezin dezakegu hiru silabako berba bat ipini, bai, ordea, jarri.

Sinonimoak bilatzeko hainbat euskarri digital ditugu. Hala nola, 5000 Adorez Hiztegia edo UZEI Sinonimoen Hiztegia. Biak ala biak oso baliagarriak izango zaizkizue. Zergatik ez dituzue proban jartzen? Ea nork aurkitzen hitz ber baten sinonimo gehien.


Azken urteotako EGA azterketetan agertutako sinonimoen bilduma agertzen zaizue Euskal Jakintzako orri honetan. Gainera, sinonimoak lantzeko ariketa ugari dauzkazue bertan.

Bertsoez ari garenez, sarritan, bertsoa osatzeko familia bereko edo errima berbereko hitzak bilatzea ez da lan xamurra izaten. Horretarako ere badugu laguntza digitalik: BertsolarIXA aplikazioa, EHUko IXA taldeak sortua; Rimador gunea edo, nire ustez, egokiena, Bertso-eskola digitaleko errima-kutxa

Hiztegia lantzeko, hala ere, ez dago jolasean aritzea bezalakorik. Ezagutzen al duzue Hitzapasa? Jolastu nahi duzue? Kontatu iezadazue nola joan den zuen uztaia beheko iruzkinetan. 

Egurra!



2017-11-30

Ongi etorri!

Blog hau DBH 4. mailako Euskara eta Literaturako nire ikasleei zuzenduta dagoen arren, hezkuntza komunitatea osatzen dugun gurasoei, lankideei, zein interesa izan dezakeen edozeini zabalik dago.

Eskolan lantzen ditugun gaiekin lotura duten notiziak, bideoak, estekak, ariketa osagarriak… jarriko ditut. Baina ez hori bakarrik, interesgarriak izan dakizkizuen bestelako berriak ere argitaratu nahiko nituzke, hala nola, herriko kultur-egitarauak, liburuen eta disken azoketako egitarauak, azterketa deialdiak… Baita zuen lanak ere!

Ea denon artean blog interesgarri, aberasgarri eta dinamiko bat sortzen dugun!