2019-10-17

Baldintza hipotetikoa

Gelan ikusi dugun moduan, baldintza hipotetikoa etorkizuneko gertakizunei buruzko hipotesiak egiteko erabiltzen dugu. Baldintza hipotetikoak bi zati ditu:

BALDINTZA eta ONDORIOA


Hau da, etorkizunean gertatu daitekeen hori baldintza baten ondorio da. Baina, adi! Baldintza bete arren, ez dakigu ziur baldintzaren ondorioa beteko den ala ez. Horregatik deitzen zaio hipotetikoa, ez dakigulako ziur ondorio hori beteko den ala ez.


Adibideak: 
  • Moisesi unitate hau gustatuko balitzaio, asko poztuko nintzateke.
      • Moisesi unitate hau gustatuko balitzaio = baldintza
      • asko poztuko nintzateke = ondorioa 
Hau da: ez dakit ziur Moisesi unitatea gustatuko zaion ala ez, baina hori gertatuz gero, ondorioa ni asko poztea izango da.

Baldintza hipotetikoko aditz-laguntzaileak kontsultatzeko, egokiena Euskal Jakintzak prestatuta dituen taulak kontsultatzea dela deritzot. Izan ere, ez dut espero taula horiek guztiak buruz ikasterik, baina bai taulak erabiltzeko abilezia zuenganatzea. Taula horietan, ikusiko duzue, lehenengo baldintzaren zatiari dagozkion aditz-laguntzaileak agertzen direla eta, gero, ondorioaren zatiari dagozkionak orainaldian eta lehenaldian.

2019-10-03

Hipotesiak formulatzen

Ezekiel liburua irakurtzen dugun bitartean, hipotesiak idazten hasi dugu ikasturtea. Hipotesiak idazteko, gainera, hainbat hizkuntza baliabide ere landu ditugu (usteak eta iritziak ematekoak, alde batetik, eta zalantzak, ziurtasun ezak eta probabilitateak adieraztekoak bestetik).

Hipotesiak formulatzerakoan, aditza ere zaindu behar dugu. Klasean ikusi dugun moduan, indikatiboko geroaldia eta ahalerako geroaldia balia genitzake.


INDIKATIBOKO GEROALDIA

[Partizipioa + -ko /-go] + indikatiboa

Oraindik ez da gertatu, baina gertatuko da, ziur nago.

Adibideak: 
  • Moisesi unitate hau asko gustatuko zaio.
  • Carlak, buelta ematen duenean, Josu ikusiko du.
  • Adina berandu etorriko da.



AHALERAKO GEROALDIA edo AHALERA HIPOTETIKOA

Aditzoina + Ahalera hipotetikoa (-ke-)

Oraindik ez da gertatu. Etorkizunean, agian, gertatuko da, baina ez dakigu ziur, hipotesi bat baino ez da.

Adibideak: 
  • Moisesi unitate hau asko gusta lekioke.
  • Carlak, buelta ematen duenean, Josu ikus lezake.
  • Adina berandu etor liteke.



Indikatiboko aditz-laguntzaileak jokatzen laguntzeko badauzkazue blog honetan aurreragoko hainbat sarrera. Esate baterako, NOR indikatiboan, NOR-NORI indikatiboan, NOR-NORK indikatiboan edo NOR-NORI-NORK indikatiboan.

Ahalera lantzeko, ordea, ez dugu taularik argitaratu blog honetan. Ahalerako aditz-laguntzaileak kontsultatzeko, egokiena Euskal Jakintzak prestatuta dituen taulak kontsultatzea dela deritzot. Izan ere, ahalera konplikatuxeagoa da, eta ez dut espero indikatiboarekin lortu beharko zenuketen kontrola lortzerik. Hala ere, zalantzaren bat duzuenean, jo Euskal Jakintzaren orri horretara.

2019-06-19

Eskerrik ASKO!

Ikasturtea bukatzear dagoen honetan, ez nuke inolaz ere bukatu nahi zuei eskerrak eman gabe.

Ikasturte gogorra izan da guztiontzat. Denok izan ditugu hainbat gorabehera (baita irakasleok ere!), baina elkar babesten eta laguntzen jakin dugu. Inoiz elkarrekin haserretu garen arren, hausnartzen eta berriz laguntzen ere asmatu dugu. Negar egin dugu, baina baita barre asko ere ("Berlingoa"ren txistea datorkit burura; zenbat kostatu zitzaigun serio jarri eta lanean hastea!). Lan asko (asko!) egin dugu eta hori ikusteko zuen apunte ordenatuetara (ejem) begiratzea baino ez dago.

Euskaraz ere uste baino gehiago hitz egin dugu. Gogoratzen duzue ikasturte hasieran gazteleraz hitz egiten zenidatela? Hura disgustoa neukana! Baina pixkanaka, termometroaren laguntzaz, geroz eta euskara gehiago erabili duzue, nirekin eta baita zuen artean ere! Oso harro nago zuetaz. Gogoratu, euskara urre gorrizko eraztun bat bezalakoa da: janzten duzunean eleganteago, harroago eta dotoreago gaude. Jantzi ezazue euskara. Ez zarete damutuko.

Laburbilduz, ikasturte mundiala izan da. Eskerrik asko, bihotzez!

2019-05-23

Jolasak online eta doan!

Webgune interesgarri baten lotura da hurrengo hau: www.jolasak.eu Bertan, zuen aisialdirako hainbat jolas aurkitu ditzakezue. Denak online jolasteko dira, euskaraz eta debalde!

2019-05-22

Literatur baliabideen eskema

Larraintzar DBHI institutuko euskara irakasleek euren ikasleekin partekatutako PDF dokumentu hau zuen artxiboetan egon beharrekoa dela eritzita, zuekin partekatzen dut. 

PDF horretan, literatur baliabideen zerrenda, definizioa eta adibideak aurkituko dituzue. Gainera, baliabideak sailkatuta daude fonikoak, morfosintaktikoak edo semantikoak direnaren arabera. Hurrengo urteetarako ere baliagarria izango zaizuen zalantzarik ez dudanez, ondo gorde laburpen hau!

2019-04-04

Klika!!!

IKA, IKA, IKA, BADATOR KORRIKA!!!


Iritsi da 21. Korrika! Gaur, apirilak 4, abiatuko da Garesetik eta apirilaren 12an iritsiko da Gasteizera. 

10 egun, 235 ordu, 14.100 minutu, 7 probintzia, milaka herri, milaka gazte, dozenaka agure eta ehundaka jaioberri... Oilo ipurdia jartzeko modukoa, ez?



2019-03-19

Lagunarteko gutuna

Geroz eta gutun gutxiago idazten ditugun arren, denoi gustatzen zaigu etxean, sorpresaz, gutunen bat jasotzea. Ez da emaila bezain azkarra, baina xarma berezia daukate gutunek: eskuz idatzita daude, koloretan, usain berezia daukate, zigilua... 

Lagunarteko gutunek edo gutun informalek, gutxienez, bost atal izan behar dituzte:
    • Data
    • Hasierako agurra
    • Gorputza
    • Bukaerako agurra
    • Sinadura
Hala ere, bost atal horien barnean, bestelako azpiatalak ere egon daitezke. Hemen daukazue lagunarteko gutunaren egitura argixeago ikustekoedo ezagutzeko eskema txiki bat.

2019-01-30

Komikia idatzi eta marraztu ostean, zer?

Santa Familia komikia lantzen ari garen honetan, Julen Ribasek komikia sortzeko urratsak zein diren kontatu dizkigu: lehenengo idazleak testua idazten du; gero marrazkilariari pasatzen dio eta honek pertsonaien kasting-a egikaritzen du; lehenengo zirriborroa marrazten du...

Baina zer gertatzen da idazleak eta marrazkilariak beraien lana bukatzean? Gure liburu dendetara iritsi aurretik, zer gertatzen da? Nola iristen sortzen dira orijinal horren kopiak? Hona hemen Santa Familia komikien sorrera bideoa: 



2019-01-27

Santa Familia komikia lantzeko argibideak

Egun on!

Hasiak gara komikia lantzen: planoak, angulazioa, bunbuiloak, onomatopeiak, testuaren eta irudiaren arteko harremana... Gainera, dagoeneko lortuko zenuten Santa Familia liburua ere. Bada, iritsi zaigu berau irakurtzen hasteko ordua!

Komikia irakurtzen dugun bitartean, Google Drive-an zuekin partekatu dudan txostena landuko dugu. Ondorioz, liburua irakurtzen bukatzean, ez dugu liburuaren ulermen azterketarik izango, txosten hori izango baita ulermen froga.

Hona hemen txosten horren inguruko zenbait argibide:

  • Txostena taldeka osatuko dugu eta 3-4 pertsonakoak izango dira taldeak. Taldeak jada osatuta daude (taldeekin partekatu dut).
  • Taldekide bakoitzak bere ordenagailua izango du eskura, eta Google dokumentua taldekide guztiok editatu genezakeenez, denok elkarrekin, aldi berean, osatuko dugu txostena.
  • Taldeko partaide bakoitzak kolore bat izango du eta txostenean idazten duen guztia kolore horretan idatzi beharko du. Bakoitzaren kolorea zein den txosteneko 2. orrialdean daukazue zehaztuta, taldeko partaideak zein diren agertzen den orrian. Horrela, txostenari taldeko kalifikazioa jarriko diodan moduan, zuetako bakoitzari ere nota pertsonala jartzen laguntzeko balioko dit zuen koloreak.

Hurrengoa izango da funtzionamendua:

  1. Lehenengo, "komikia irakurri aurretik" atala osatuko dugu taldeka.
  2. Atal hori osatu ostean, "komikia irakurri ahala" atalari ekingo diogu. Komikia zati ezberdinetan banatu dugu; hiruzpalau orrialdeko pasarteak dira. Pasarte bakoitza irakurtzean, pasarte horri dagozkion galderak erantzungo ditugu denon artean. Pasartez pasarte joango gara; ez jarraitu irakurtzen galderak erantzun aurretik. Adi! Kontua ez da taldekide bakoitzak galdera bat erantzutea. Galderen erantzunak denen artean eztabaidatu eta erabaki behar dituzue. Kontuan izan txosten horretako erantzun guztien jaun eta jabe izan behar duzuela taldekide guztiok. Denok zarete erantzun guztien erantzule.
  3. Bukatzeko, "komikia irakurri ostean" atala osatuko dugu. 
  4. Behin atal guztiak osatuta, errepasatu ondo txostena: ortografia, tipografia (puntuazioa, maiuskulak...), koherentzia, kohesia, egokitasuna...
Zuen lana ebaluatzeko, hurrengo ebaluazio irizpideak hartuko dira kontuan: taldekako irizpideak eta banakako irizpideak.

Ekin lanari!!!


2019-01-26

Santa Familia

Bigarren ebaluazioan Santa Familia komikia irakurriko dugu DBH 2. mailan. 
Honela dio kontrazaleko laburpen testuak:

"Familia da emanda datorren gauza bakarra. Ez lagunak, ez bizimodua, ez ingurua, familia baizik. Norak, ordea, arau horri ihes egingo dio. Sekretu bat gordetzen du. Bere sekretua. Baina hura kontatzeko ordua iritsi da, eta sakratua den instituzioa eztanda egiteko zorian dago. 

Jakina da, ordea, iraultza txikiak behar izaten direla gauzak bere onera ekartzeko." 
Eider Rodriguez-ek idatzi du istorioa eta Julen Ribas-ek jarri dizkio irudiak. 

Ea gustuko duzuen. Gozatu literatura!

2019-01-07

Aditz-laguntzailea ikasten

Aditz-laguntzaileen taulak buruz ikastea alferrikako lana da. Gaurko ogia, biharko gosea. 

Aditz-taulak ikasteko, ulertu egin behar dira: zein diren NORK-i dagozkion pertsonen markak, zein NORI-renak eta zeintzuk NOR-i dagozkionak; zeintzuk diren erroak; zein pluralgile dauzkagun... 

Aditz-laguntzailea osatzen duten morfemak ezagutzen eta identifikatzen baditugu, lan erdia baino gehiago eginda izango dugu. Eta, nola demontre lortzen da hori? Bada, gauza gehientxuenak bezala: praktikatuz!

Praktikatzeko modu bat (ez bakarra inondik inora ere!) taula hutsetan aditzak kokatzen saiatzea da: paradigma bat aukeratu (NOR, NOR-NORI, NOR-NORK ala NOR-NORI NORK),  paradigma horri dagozkion izenordainak idatzi, tempusa erabaki (gure kasuan, momentuz, oraina edo iragana), arkatza eta borragoma hartu eta ekin taula osatzeari! Behar den bestetan begiratu osatuta dituzun taulak, ezabatu idatzitakoa nahi adina bider eta berrekin lanari!

Praktikatzeko taula huts eredu bat duzue hemen. Deskargatu eta hasi aditzekin jolasean.