2018-01-19
Testu propietateak
Bisiguaren estarta blogetik hartu dut testu-propietateak ondo baino hobeto azaltzen dituen Prezi aurkezpen hau. Eskolan landutakoa errepasatzeko aproposa eta, nola ez, testu bat idatzi behar dugunean gogoan izan beharrekoa!
2017-12-20
The Fantastic Flying Books of Mr. Morris Lessmore
Laburmetraiek, liburuek bezala, bizitza dute, bizitza kontatzen dute eta bizitza ematen digute. Askatasunaren irudi dira, eta aske sentiarazten gaituzte. Ardurak, eginbeharrak, lanak... ahaztarazten dizkigute eta buruan ez dugu imajinazioa ez den beste ezertarako tokirik. Hegan jartzen gaituzte, hara eta hona. Urrun garamatzate inora joan gabe. Asko esaten digute, ezer esan gabe.
Oraingo honetan, William Joyce-k eta Brandon Oldenburg-ek zuzendutako laburmetraia bat aurkeztu gura dizuet. 2011. urtean laburmetraia animatu onenaren Oscar saria irabazi zuen "The Fantastic Flying Bookf of Mr. Morris Lessmore" pelikula honek. Ikusi, hausnartu eta osatu zuen iritzia.
Zuen iritzi idazlarenako, hurrengo galderak har ditzakezue oinarri, ez derrigorrean, ordea:
- Zein pasartek, unek edo irudik deitu du zure arreta? Zergatik?
- Zer garrantzia dute koloreek laburmetraian? Zer adierazten dute? Zer esan nahi dute? Zeren isla dira?
- Zein da laburmetraiaren mezua?
- Non ikusi daiteke askatasuna? Non dago bizitza, edo, zerk du bizitza? Zergatik?
Zuen iritziak hemen, iruzkinetan, argitaratu ditzakezue, edo bestela, partekatu itzazue nirekin Google Docs bidez. Gutxienez 250 hitz izan beharko dituzte.
2017-12-15
Zazpikiak
Euskarari ematen dizkiogun ostikoak, sekulakoak dira. Eskerrak umorez hartzen ditugun. Hona hemen gaur klasean analizatu ditugun zenbait. Asteburua ondo hasteko modu ezin hobea!
Hauekin nahikoa izan ez baduzue, iruzkinetan zuek aurkitutakoak utzi ditzakezue besteokin partekatzeko. Mihiluze telebista saioan ere, makinatxo bat zazpiki bildu zituzten. Ikus itzazue, barrez lehertzea osasuna baita!
Asteburu on!
2017-12-14
Bertsolari dokumentalaren gidoia
Zer da gidoia? Harluxet Hiztegi Entziklopedikoaren arabera:
Gidoi: iz. (Heg.) 1. Irrati-, telebista-programa edo film baten akzio edo garapeneko elementuak (elkarrizketak, musika, planoak, etab.) zehazturik azaltzen diren testua. 2. Hitzaldi, gai, etab. garatzeko lagungarri moduan erabiltzen den testu eskematikoa.
Guk aurkezpenen gidoiak osatu izan ditugu, batez ere, baina pelikulek ere gidoiak dituzte. Horren adibide da gaur bertan Booktegin argitaratu berri duten Bertsolari filmaren gidoia.
Hasteko, zer da Booktegi? Mota guztietako euskarazko liburuak dohainik plazaratzeko eta deskargatzeko weborria da. Egunez egun, geroz eta liburu gehiago aurkitu ditzakegu bertan.
Gaur bertan Bertsolari luzemetraiaren gidoia argitaratu berri dute. Eta ez hori bakarrik, Asier Altuna zuzendariari egindako elkarrizketa ere jarri dute gure eskura.
Gidoiaren transkrbapena ikustea oso interesgarria da, filmaren beste ikuspegi bat ematen digulako. Pelikula esteka honetan ikusi daiteke, prezio irrigarri baten truke (zer dira, bada, 3 euro gaur egun, etxean bertan, pelikula bat ikustearen truke, zineak zein garesti dauden ikusita?).
2017-12-11
Partitiboa
Partitiboa NOR kasuaren azpisailtzat hartu izan den arren, ez da kasu bat; determinatzailea da. Ablatibo-marka edo postposizioa ere izan daiteke, baina hori, uneotan, gehiegi sakontzea litzateke guretzat. Inork informazio gehiago nahi izanez gero, ikusi Sareko Euskal Gramatika edo Beatriz Fernandez hizkuntzalariaren beste artikulu hau.
Hala ere, oraindik ezatabaidan dagoen kontua denez, ez dugu gehiegi sakonduko kasu-marka ala determinatzailea den aferan. Hizkuntzalari denak ados datoz partitiboaren oinarrizko erabilgunean, eta hor jarriko dugu gure fokua.
Non erabiltzen da partitiboa?
1. Ezezko perpausetan → "Ez daukat suspenditzeko asmorik" edo "ez ekarri ogirik, anaiak erosi baitu".
2. Galde perpausetan → "Ba al duzu suspenditzeko asmorik?" edo "erosiko dut ogirik?"
Zein dira partitiboaren erabilera okerrak?
1. Partitiboa mugatzaileari gehitzea. Izan ere, partitiboa beti izen mugagabeari lotu behar zaio:
liburu>libururik eta ez *liburuarik
lan>lanik eta ez *lanarik
lan>lanik eta ez *lanarik
2. Aditzarekin komunztadura pluralean egitea, komunztadura singularrean egin behar baita partitiboarekin:
*Ez dituzu suspenditzeko asmorik.
Ez duzu suspenditzeko asmorik.
Partitiboa etxean bertan lantzeko, jo hurrengo loturetara:
2017-12-07
Dena ondo zihoan, argia piztu den arte
2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia hurbiletik jarraitu dugu: bertso-saioetan aurkitu dugu elkar, bertsoak analizatu ditugu, iritziak elkar trukatu... BECeko final handiaren zain geratu garenez, eta bertsolaritzako bertso gogoangarriez aritu garenez, Irungo finalerdietan Maialen Lujanbiok botatako bertso hau ezin genezake aparte utzi. Gozatu!
"Dena ondo zihoan, argia piztu den arte", (Irun, 2017-11-01)
Trago bat eta beste trago bat
gure kaleetan barrena
ta piztea da alkoholak eta
sexu grinak dakarrena.
"Zure etxera, nere etxera"
betiko gauzak aurrena,
zure logelan sartu gera ta
hara hemen ondorena:
argia zegon itzalita ta
bertan biluztu naiz dena
ta bat-batean piztu egin da
argi txiki xumeena
nere gerrira begira zaude
ez naiz uste zenuena.
Estali arte izan dugunak
nahiko irri, nahiko broma.
Ahorik aho pasa dugunak
gintonic barruko horma.
Bular parea zut neukan eta
zuk eman didazu forma,
galtza estuak nebilzkin arren,
ez takoi eta ez gona.
"Hau ta hura naiz", "hartzen ari naiz
zenbait botika, hormona",
"gizona eta andrea nauzu,
ez andrea, ez gizona".
nere inon ez egon nahia ote
da zure ezinegona.
Gizarte honen estereotipo
ta gizarte honen usteen
tranpan zu ari zera erortzen
eta hori ez dizut uzten.
zuk badakizu nola zizelka
eta marraztu gaituzten
ze inporta du gaur ari banaiz
zure aurrean biluzten
eta neroni, ni neu naizena,
hori bakarrik gorpuzten,
nere gerripe zintzilikako
desira ari da puzten,
itzali zazu argia eta
utzi azalari ikusten.
2017-12-06
52. Durangoko azoka
Iritsi da urteroko zita. Iritsi da 52. Durangoko azoka. Egitarau zabala eskainiko digu aurton ere: hitzaldiak, mahainguruak, kontzertuak, liburu aurkezpenak, diska sinadurak, filmen proiekzioak, solasaldiak, zuzenekoak, kantuak, jolasak, aspaldiko lagunak eta ezagutuko ditugunak...
Ekitaldiz beteriko 5 egun. Governors, Anjel Lertxundi, Bertso Hop, Rafa Rueda, Beira, Beñat Igerabide, Anjel Lertxundi, Maider Zabalegi... eta hauek lehenengo egunean bakarrik!
Ez galdu bertaratzeko aukera. Sormenaren lurraldea DA!
Ekitaldiz beteriko 5 egun. Governors, Anjel Lertxundi, Bertso Hop, Rafa Rueda, Beira, Beñat Igerabide, Anjel Lertxundi, Maider Zabalegi... eta hauek lehenengo egunean bakarrik!
Ez galdu bertaratzeko aukera. Sormenaren lurraldea DA!
2017-12-05
Bertsoak sortzen
Aurreko sarrera batean aipatu nituen Rimador, BertsolarIXA edo bertso-eskoletako arbela digitala hitz-errimatuak bilatzeko. Oso aplikazio lagungarriak, bide batez, Andoni Egañaren errima-margaritak osatzeko:
Landu ditugu sinonimoak eta errimak, hausnartu dugu bertsoaren sorkuntza prozesuaz, entzun ditugu hainbat bertso gogoangarri... bertsoak sortzea bakarrik geratzen zaigu!
Baina, lasai! Horretarako ere baditugu hainbat tresna baliagarri. Alde batetik, jada ezagutzen dugun bertso-eskola digitala eta, bestetik, telefonoetarako SegaPoto aplikazioa. Tresna bietan neurriak, doinuak, sinonimoak, errimak... erraz bilatu ditzakegu gure bertso-sortak osatzeko.
Biak ala biak oso interesgarriak dira eta jolaserako aproposak. Bukatu zaizkigu bertsotan ez aritzeko aitzakiak! Animatu erabiltzera eta utzi ingurukoak aho bete hortz!
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)













